XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- E! Isil zaitezte! - agindu zuen jentil buruzagiak bat batean, bere lagunen barre eta garrasiak eten araziz.

Ederra egin ziguk mutiko tentel mukizu horrek!.

- Zer egin digu, ba? - galdetu zuten batzuk, gertatzen zenaz ohartu gabe.

- Zer egin digun? Garia ohostu! Garia ohostu, ergelok alahenok! Ea! Har itzazue aizkorak eta harrapa ezazue mutiko hori, gure menditik alde egin dezan baino lehen.

Tira! Agudo!.

Azkar asko abiatu ziren mutikoaren ondoren.

Ordurako, ordea, Harkaitz jentilen mendi barrenera iritsia zen ia.

Jentilek, ihes egingo ziela konturatu zirenean, jaurtiki zioten aizkora.

Ziztuka igaro zen Harkaitzen buru ondotik; baina honek burua saihestu zuen eta aizkora pago baten gerrian sartu zen.

Jentilen menditik urrundu zelarik, Harkaitzek abarkak erakutsi zizkien jentilei irriz eta trufaz.

Hauek, amorraturik, ukabilak erakusten zizkioten, irainak eta mehatxuak aldarrikatuz.

Alferrik, ordea; Harkaitzek ihes egin bait ziren.

Pozarren iritsi zen Harkaitz Basajaunen leizera, bere adiskidea han zain izango zuelakoan.

Leizea, ordea, hutsa eta hotza zegoen.

Non ote zen Basajaun? Gorde zituen gari-aleak larrutan bilduak eta etzan egin zen, Basajaunen zain.

Luzaroan egin zuen lo.

Esnatu zenean ere bakarrik zegoen.

Zergatik ez zen Basajaun ageri? Utzi egin ote zuen? Hiruzpalau egunen buruan, Harkaitz, bakarrik egoteaz asperturik eta gogaiturik, bere adiskidearen bila abiatu zen.